Lantalde

Talde-lana arrakastatsu izan dadin funtsezkoa da pertsona guztiak helburu beraren alde lan egitea, norberaren interes pertsonalak bigarren maila batean utziz.

Lantaldea erakunde batean lan jakin bat egiteko osaturiko pertsona-multzo bat da, horretarako erabakiak modu adostuan hartzen dituena. Lantaldeak egiten duen lanari eta lan honen antolakuntzari talde-lana deritzo. Pertsona bakar batek egiten duen lan batean ez bezala, lantaldean pertsona bakoitzak egin behar dituen lanak zein izango diren eta lan horiek beste pertsonekin nola koordinatu behar den erabaki behar da. Talde-lanak baditu abantailak eta eragozpenak: hartzen diren erabakiak egokiagoak izaten dira, pertsona anitzen irizpideak hartzen direlako kontuan; erabakiak hartzeko prozesua motelagoa eta konplexuagoa izaten da, ordea. Taldea osatzen duten pertsonen ekimena bultzatu eta beraien arteko harremanak helburu komunaren alde kudeatzeaz arduratzen den arloari talde-dinamika deritzo. Ildo horretatik, talde-lana arrakastaz egiteko, taldekideek aldiro bilerak egitea gomendatzen da, prozesuaren martxaren berri eman eta beharrezko erabakiak hartzeko; bilera hauek antolatu eta kideen proposamenak bateratzeko koordinatzaile izeneko pertsona bat izatea ere komenigarria da.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search